Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazional bihurtu zen 1988an, ordura arte sakabanatuta zeuden arte moderno eta garaikideko estatu funtsak bateratuko zituen bilduma bat osatzeko. Horri esker, 1992an aurkeztu zen lehen aldiz, irauteko eta hazteko asmoz, Reina Sofia Arte Zentro Museo Nazionalaren Bilduma.
Bere lehen proiektua Arte Garaikideko Espainiako Museoaren funtsak gehitzea izan zen, 1894an sortua eta 1988an desagertua. Muuseo horrek Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan eta Erromako Espainiako Akademiaren lehiaketan saritutako lanak zituen, eta baita abangoardietako pieza adierazgarriak ere, zergen ordainketa gisa egindako dohaintza eta emateetatik zetozenak, Julio Gonzalezen (1973) eta Joan Miróren (1985) oinordekoek egindakoak, hurrenez hurren. Lehen ekarpen horri Prado Museo Nazionalaren XX. mendeko arte-funtsak gehitu zitzaizkion, Douglas Cooper historialariak lagatako pintura kubistako bilduma aipagarri batekin batera. Ondorengo dohaintzei (Le Corbusierrek 1988an edo Lucio Fontanak 1991n egindako obrez osatutakoak, esaterako) 1992an Dalí-ren ondarea gehitu zitzaien, testamentu bidez emana, abangoardien irudikapenean funtsezko kapitulu bat osatu zuena; urte horretan bertan, Pablo Picassoren Guernica lanaren lekualdaketak Bildumari eman zion diskurtso museologikoa oinarrituko zuen giltzarria.
Horrekin guztiarekin batera, Bilduma hasieratik hazi zen eskuratze-politika sendo baten garapenari esker, 1987an hasi eta Espainiako arteari zein nazioarteko hainbat testuingururi zuzendua. Modu nabarmenean, Picasso Operazioa deiturikoak, laurogeita hamarreko hamarkadan, artistaren oinordekoei erositako obra talde baten sarrera suposatu zuen, Guernicaren inguruko panorama historiko eta estetikoa osatuz. 1995ean Picassoren jaiotza-urtea ezarri zen (1881) Bildumaren abiapuntu kronologiko gisa, eta ondoz ondoko erosketek nazioartera zabaldu zuten bere ekintza-erradioa, gaur egun modernitatearen jatorritik hasi eta sorkuntza garaikideraino hartzen duen diskurtsoa sustatuz, geroko dohaintzek eta emateek osatua, besteak beste: Jacques Lipchitz (1997), Robert Capa (1999), Antonio Saura (2001), Gustavo Torner (2004), Brassaï (2009), Roberto Matta (2011) edo Val del Omar (2012).
Gaur egun, Bilduma are gehiago hedatu da formatuei dagokienez (zinema eta bideoa garapen-eremu nagusiak dira), eremu historikoei eta esparru geografikoei dagokienez (Latinoamerika funtsezko lan-ildo bihurtu da), eta, horri esker, modernitateari, haren aurrekariei eta erreplikei buruzko askotariko kontakizunak sor daitezke. Gainera, Museoak Bildumaren funtsak handitzen jarraitzen du, eskuratze-politikaren bidez, dohaintza eta gordailuei arreta berezia eskainiz.