Bilatu

Bilduma

Share

Museo baten bilduma historia eta denboraren nozioei lotuta dago berez. Baina zer historia kontatzen dugu? Jakitun gara museoak historiaren ikuspegi kanonikoan harrapatuta egon ohi direla, denborekiko egokitasuna bilatuta, hau da, artelanak garaiko dokumentu eta lekukotasunen bidez azaldu nahi izan dira, baina ulertu gabe irudiek eta objektuek haiek sortu ziren testuingurua gainditzen dutela; modu horretan, denbora ez da iraganekoa, oroimenarena baizik, eta historialariak hartara jotzen du denbora heterogeneoen ontzi gisa.

Museoak modernitatearen narrazio linealetik aldendu nahi izan du, normalean azaldu ohi den modutik, eta, halaber, erakusketa-eredu berrietan hainbeste ugaritu den historiaren ahanztura hutsal postmodernotik. Era berean, erdigunearen eta periferiaren arteko bereizte tradizionaletatik ere urrundu nahi izan dugu, kontuan hartuz, horrela, bertakoaren eta unibertsalaren artean ezartzen diren erlazio ugariak.

Proposatzen dugun historia mikronarrazioen egitura batean gorpuzten da; horiek iraganari buruz hitz egiten digute, baina betiere orainaldian eta orainaldikoak dira. Helburua ez da ihesbide bat zabaltzea, baizik eta esperientzia aberastea, gogoeta eginez; horrela, ikasketa ez dator doktrinamendu batetik, baizik eta munduarekiko –eta zergatik ez, museoarekiko berarekiko– erantzun kritikoa izateko gaitasuna piztearen ondorioz.

Ibilbide honetan lau sail handi proposatzen dira sekuentzia historiko baten bitartez, ordena kronologiko zorrotz bat inposatu gabe. Taldekatze horiek ibilbide alternatiboak eta ihes-lerroak proposatzen dituzte, bisitaria gonbitatzen dutenak haren ibilbide eta interpretazio propioak egitera.